1998an sortu zen Miarritzen, Kultura Ministerioaren eta Miarritzeko Hiriaren ekimenez, Akitania-Berriko Eskualdearen eta Pirinio-Atlantikoetako Departamentu Kontseiluaren sustenguarekin. Malandain Ballet Biarritz Frantzian dauden hemeretzi Zentro Koreografiko Nazionaletako bat da.
Teknika klasikoan trebatutako hogeita bi dantzarik osatzen dute, eta Thierry Malandainen koreografien bidez adierazten da.
Gaur egun, Europan gehien ikusten diren konpainietako bat da; sasoi bakoitzean, batez beste, 100.000 ikusle ditu, eta urtean 95 ikuskizun inguru. Horietatik heren bat nazioartekoa da.
Zentro Koreografiko Nazionala den aldetik, jarduera bizia du jendea dantzarekiko sentsibilizazioan; urtean 300 esku-hartze egiten dira batez beste, eta artista eta konpainiei laguntzen die « Estudio Harrera » sistemari esker.
Bere errotze geografiko bereziaren ondorioz, lankidetza emankorrak sortu dira euroeskualdeetan kokatutako kultura-eragile askorekin.
Horrela eraiki zen “Ballet T” egitasmoa, Malandain Ballet Biarritzen eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren arteko lankidetza, Europaren eta Akitania-Berria Euskadi Nafarroa fondoen laguntzarekin. Bere helburua arte koreografikoa nabarmentzea da Euskal Herrian, lan koreografikoak koproduzituz eta zabalduz, baina baita jendea Euroeskualdearen barnean sentsibilizatzen eta zirkularazten ere.
Euskal Herriko Hirigune Elkargoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Malandain Ballet Biarritz sustengatzen dute, Iparraldean eta Gipuzkoan egindako ekintzengatik, lurralde-lankidetzaren eta lurraldearen erakargarritasuna garatzearen esparruan.
ZKNE
Zentro Koreografiko Nazionalen Elkartea 1995ean sortu zen Caenen, lehen ZKN-ak agertu eta hamabost urte geroago.
Partaide publikoak
Malandain Ballet Biarritzek DRAC Akitania-Berria / Kultura Ministerioaren, Miarritzeko hiriaren, Akitania-Berriko Eskualdearen eta Pirinio-Atlantikoetako departamentuaren finantziazioa jasotzen du.
Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin lankidetzan egindako “Ballet T” lurralde-lankidetzarako proiekturako, Malandain Ballet Biarritzek Europako programen laguntza jaso du, hala nola Poctefa edo Akitania-Berri, Euskadi eta Nafarroako Fondoa.
Azken bost urteetan, finantziazio publikoa, batez beste, funtzionamendu aurrekontu osoaren %50 izan da. Ikuskizunen salmentak, Thierry Malandainen lanak beste konpainia batzuei transmititzeak eta mezenasgoak Malandain Ballet Biarritzen diru-sarreren erdia bermatzen dute.
2021ean, Malandain Ballet Biarritzen aurrekontua 5 milioi eurokoa izan zen, « Maitaldia Dantzaldia” barne.